Bixitxi marabilli re!
Marabilli sormen festibalak ehunka artista euskaldun batu zituen Ondarroako herrian urriaren 11tik 14ra bitartean, eta Aitzol Aramaio berak askotan desiratzen zuen halako ekitaldi erraldoi bat gauzatzeaz gain, 2011ko apirilean zendu zen zinemagile ondarrutarra omentzeko balio izan zuen. Artista gutxik huts egin zuen; kartela ikusi besterik ez zegoen jabetzeko festibal hura, kultur ekimen bat baino gehiago zela. Marlango, Gorka Urbizu, Ruper Ordorika, Maialen Lujanbio, Rafa Rueda, Hertzainak, Álex Angulo edo eta Mikel Urmeneta, izan ziren, besteak beste, ekitaldi erraldoian parte hartu zuten izen batzuk.
Antolatzaileen ustetan, festibalak sormen arloan Euskal Herriak zeukan hutsune bat bete du. «Amets bat bete dugu. Aitzolek berak zeukan amets bat: Ondarroan zerbait egitea, kulturari lotua. Bera falta da, baina bere indarrarekin lortu dugu», adierazi zuen Aitzol Aramaioren lagun Kirmen Uribe poetak festibala hasi aurretik. Itxaropenak soberan bete ziren, Ondarroako kaleetan bizitako esperientziak hala erakusten baitu. Antolatzaileen esanetan litekeena da, urtero edo bi urtean behin, halako ekitaldi bat errepikatzea. Bistan da, beraz, arrakasta.